Ekarten dut gaur blog hontara reflexionea eguin zuena Errotetac direla egun batzuc baita an nire blog hau. Hemen da  zioena zeina da interesantea eta iracurgarria besteric ez bada ere rebatitu ahal izaiteco dioena Errotetac. Hara,
Erramun jauna,
Damu dut hunen gordinki erraitea ondoren 
datorrena, bainan egia bezalakorik ez baitago, ahoan bilorik gabe 
erranen dautzut ene ustea. 
Jakizu bada, ene ustez arrunt galdua 
duzula euskarazko sintaxi klar, komunikativo eta progresivo baten alde 
abiatua duzun gurutzada edo borroka nehoiz ezin aski prezatuzkoa. Eta 
hala uste dut zeren ez baita igaraiten egun bakar bat non ez dugun 
aurkitzen euskal testuetan (erregistro idatzira mugatzen dut ene ohar 
hau)  esaldi bat –edo esaldi parrasta handi bat– eraikia eta moldatua 
iseka beltza eginez zentzu, logika eta komunikagarritasun printzipio 
sinple eta oinarrizkoenei, eta non ez dugun  ikusten nolaz aspaldi handi
 huntan bereziki Hegoaldean nagusitua dugun izkririamolde zentzugabe eta
 luzara suizida batek ari daukun jaten eta iresten euskararen ahalmen 
retoriko eta prosodikoa halako gisaz non gauza segurra baita  arrunt 
enbalditurik ezarriko daukula laster, sekula berriz ezin izaterainokoan 
komunikazione tresna erabilterraz, indartsu eta baliagarria. Eta itxesa 
inminente bezain absoluto horren aurrean aditzen dea ahots 
kualifikaturik alarma deia jotzen? Ez hanbat. Aitzitik, sintaxi 
abominable hori debekatu, ohildu eta isekatu beharko luketen ahotsak 
mutu demonio dagozi (salbuespen bakarra dira blog huntan adiarazten 
direnak), eta beren alerta deiadarrak aditzeko partez ikusten duguna da 
publikazione orotan emaiten zaiola sintaxi pozoitsu horri bide zabala, 
zilegitasun eta legitimitate, erraiten balitzauku bezala horixe dela 
euskal jendeak bere komunikazione beharrak asetzeko baliatu behar luken 
tresna, zein baita hain gauza patetikoa eta ezin pentsatuzkoa nola 
sinistarazi nahi izatea minbiziak jotako eri handiari behar dituela 
erran zonbeit Agur Maria bere osasuna berreskuratzeko, eta baztertu 
medikuntza modernoak bere bizia begiratzeko eskura jartzen dazkon arta 
zientifikoak.   
Goiko ahapaldi irakitu hori eragin daut duela 
zonbait minuta Argiaren web orrian kausitu dudan esaldi batek zeinetan 
laburbiltzen den modu grafiko batean gure garai auhendagarri hunetako 
zabarkeria eta basakeria sintaktiko  beltza.  Ez du berez, esaldiño 
horrek, deus berezirik respektu molde antikomunikativo berean 
antolaturik gure artean publikatzen diren gainerako milaka esaldiak, 
salbu eta, menturaz, esaldi hunetan egileak egin duela agidanez gaitzeko
 ahalegin bat bere lana gerta dadin egiazki eta bipilki 
antikomunikativoa, diteken gradu maximoan. Eta aitortu behar zaio, 
baiki, ontsa erreusitu duela. Huna beraz gure Leizarraga berpiztuak 
(artikuluak ez dakar nehoren sinadurarik, horregatik permetitzen dakot 
ene buruari piko maltxur hori) apailatu daukun esaldi txanbelina: 
"Hernani ez da bere hondakin organikoak konpostatzeko planta txiki bat herrian eraikitzea debekatu dioten bakarra".
(https://www.argia.eus/albistea/usurbili-ere-debekatu-egin-diote-bere-organikoaren-parte-bat-baserritarrekin-konpostatzea)
Esan
 gabe doa, Arana, Azkue, Altube eta gainerako azti-aprentizak gure 
hizkuntza eskupilatzen, lardaskatzen eta izorratzen hasi aurreko 
garaietan esaldi hori hunelatsu emango zuken edozein euskal 
izkribatzaile normalek: 
“Hernani ez da herri bakarra debekatu diotena planta txiki bat eraikitzea bere hondakin organikoak konpostatzeko”.
Edo
“Hernani ez da herri bakarra zeinari debekatu dioten planta txiki bat eraikitzea bere hondakin organikoak konpostatzeko.”
Aski frogatua dut engoitik:  Hegoaldean euskaraz izkribatzen dutenen 
ehuneko handi-handi batek izkribatzera jartzen direlarik gogoan hartzen 
duten xedea ez da mezuak argi eta erraz helaraztea beren irakurleei, 
baizik eta atsulutuki eta zernahi gostarik betezea eskolan, kazetetan, 
irratian, liburuetan, e.a. barneratuak dituzten arau sintaktiko absurdo 
batzuk, sinisturik arauxka horiekiko leialtasun itsu bezain misplazatuan
 kausitzen dela “zuzentasuna”ren gakoa. Eta horrela dute malerus horiek 
zuzentasunaren idola faltsua adoratzen beste jainko ororen gainetik, 
behialako cananeo zaharrek Moloch bezala, ohartu gabetanik adorazione 
antzu horretan daudela beren katea gogor eta tinkoenak, eta beren porrot
 segurraren bermea.   
Egia baizik ez da horren suharki 
irrikatzen duten “zuzentasun” mistiko horretara arribatzeko bidaje 
esportzatuan galtzen dutela gaixoek zenbait huskeria ttipi, nola diren 
testuaren ulergarritasuna, komunikagarritasuna, dotorezia, eta are 
irakurgarritasuna bera ere, bainan nor gogoetatuko da hanbat esdeuskeria
 muntagabe horiengatik baldin erran ahal badu gero nornahiren aitzinean,
 paparra harro eta burua gora, beste nornahi bezain kapable dela bere 
esaldiak moldatzeko hertsiki beteaz ortodoxia altubianoaren arauak, edo 
–ez da deus gure artean entzuten eta argudiatzen ez denik– izkribatzen 
dituen testuen zailtasuna bera dela testu horien zuzentasunaren froga, 
gauza jakina denaz geroztik gure mintzaira zaharra munduko beste guztiak
 ez bezalakoa dela eta hortakoz behar dutela izan bere perpausek hurren 
nehork ezin konprenituzkoak lehen irakurrian, ez dadin sekula ahantz ez 
markistu eskuararen etorki isolatuaren loria handi eta distira 
itsugarria?
Horiek guziak hola direlakoz, eta ez bestela, 
behartua naiz finitzera egungo ene mezua aurreko guztia lau hitzetara 
biltzen duen gogoeta hits eta etsigarri batekin:
Ez dago zer eginik. 
XE